XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nork zezakeen idurika, asma ala sospetxa, alajainkoak, mistiko bat sortuko zitzaigula, zeini eta guri, noiz eta mende honetan?

Adimena baino puskaz ere gehiago ametsa preziatzen duen laguna, arimaren baitako sineslea; gauza segurua da Mirandek ez zuela irri ezta negar egiten bertze euskaldunen maneran, arrotza moduan ibiltzen zen.

Gauza bitxi eta arraroak erraten, adibidez, Euskaltasun erromantiko baten alde idazten zuenean: Bada ordu gure ideologiaren iturburuak arrazionalismo hestu hortatik kanpoan bila ditzagun, gure Herriari buruz amets haundiak egitera ausart gaitezen, hitz batez, bada ordu arrazionalista adimentzale izateko orde erromantiko izan gaitezen... Gogo arrazionalista mitozale bada, erromantikoa mistikazale da: mistikaren bidez heltzen da mundu irudiko honen atzean den egiazko Izateraino, hots, Arimaraino, eta hartan indar harturik; berriz ere inguratzen da munduari buruz, bainan ez gehiago haren jopu, baizik haren nagusi bezala, eta mundua moldaberritzen du bere ametsaren arabera. Geu euskal mistikoak izan gaitezen beraz, abertzale errealistek gure lepotik iseka eginik ere amets-egileak garelakoan.

Mistika mirandiarrean, honako bizitza hau arimaren gaua baizik ez da, ametsa da hemengo baxter krudelak argitzen ahal dituen su bakarra, eta adimen errealistak inoiz baino erralistagoak gara gaur, inoiz baino pobreagoak itzaltzen du ametsaren su dudakorra.

Endakatzearen heriotza aztiatu zigun; eta endakatze horren markak aski ageriak zitzaizkion: Alde batetik politikarien legalismuak, bestetik euskaltzaleen folklorismuak, euskaltasun berri bat sortu digute azkenengo mende-erdi hontan (...) Nork ez dakus, nork ez du somatzen hori gure endaren iñakin edo karikatura bat baizik ez dela, eta eredutzat aurkezten diguten euskaldun gorputz sendo ta bihotz eztia gure beherapenaren igali ustela dela?

Sekula erran zuen hemengo idazleen artean soilik Barojarekin senditzen zuela gogo kidetasunaren bat.

Barojak ere bere moduz, hain segur hatzemen zituen endakatze ezaugarri igualtsuak: Altzateko Jaun draman, Urtzi-Thor adiokan ari da hasieratik akitu artio, gutaz despeditzen, halako jainko batendako hemen, gaurgero, ez bide dago bizitzerik.

Euskal Herrian egon zen azkeneko aldiz, hil baino hilabete bat lehenago, Mirandek aurkitu zuen Sohutako eliza gose greban zeuden kristaumarxistez betea, eta pentsatu bide zuen beretako hemen, gaurgero ere, ez zegoela bizitzerik:

Asperturik nago, zinez aldi huntan, Euskal Herriaz.

Horietxek ziren euskaraz idatziriko azken hitzak.

Eta, halako gisan, arrotza lekutu zitzaigun.

Senditzen zuen ezen demokrata bat prest egon behar dela bere memoria birmoldatzera aldiko manamenduen arabera nortasun ezaugarria da memoria, nor bakoitzaren kera, eta gainera, bera bezalako mistiko batendako, arima-mina eta deia.

Mirandek parabolan ezarriko zorioneko herri saindu eta demokratikoak hondarrean desterratzen ditu libre pentsatzaileak eta bertze pentsatzaile guziak, horrela, libertatean eta birtutean ere bizi ziren euskaldunak, harik eta gau batez, gudari mugazainak hil eta guziek Ameriketarat ihes egin arte...

Usnakatzen zuen, apika, demokraziaren lelopean fundamentalismo estultokratikoaren urrina:

Nere ametsa hauxe da: egun batez Euzkadi izan dadin lurreko herrialde argituenetarik bat Iphar Europako erresuma zenbait diren bezala (gogoan ditut Holanda, Dinamarka, Finlandia).

Oroz gain, idazle izatera deliberatu zen eta, horretaz beraz, beti eginahalean aritzen zen bere idazkerari planta ematen, bere mintzaira partikularra berezituz; ongi idazteak eskatzen duen senezko tentsioari eusten zion finki.

Horregatik ere, ez zait iduritzen hirugarren bide bat zabaldu zuenik, edo ez, bederen, Arestik zioen moduan.

Oinak frinkatu zituen bere nahikeria eta ibilerari komeni tokietan, eta ez zuen biderik markatu edota eskolarik egin; inoren bideari ez baitzen lotu ez dezagun pentsa bertze bat asmatu nahi zuenik.